#143 - Pop kantuak jazz moldean (Jazzaldiak 60)
Urpeko Bonbarda - A podcast by Zuzeu Podcast

urpekoBONBARDA #143Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa. 143. saioan, Jazzaldira begira jarri gara, eta bertan joko duten musikariek pop kantu ezagunei egin dizkieten bertsioak dakartzagu saiora.Donostiako Jazzaldiak jaialdi ugari gordetzen ditu bere barnean, lehendik ere esana dugunez: egunekoa eta gauekoa, haurrentzako eta helduentzako antolatua, doanekoa eta ordainpekoa, jazz musikari eta gainontzekoei erreparatzen diona… horrexegatik dugu hain gustuko.Gaur gurean, eta zerbait ezberdina egitearren, 60. edizioan parte hartuko duten musikari batzuk pop kantu ezagunei egin dizkieten berrirakurketak hautatu ditugu saioa osatzeko. Bederatzi kantu, eta beste horrendeste gizon -bi abesti emakumeek kantatzen badituzte ere-; gehienak piano joleak.Aurtengo jaialdian parte hartuko duten musikarietako asko lehendik ere igaro izan dira Donostiatik azken urteetan. Horixe da Jazzaldiari egin diezaiokegun kritika nagusia, baina, kasu lagun! Jazz musikaz mintzo gara, eta musikariak betikoak izan daitezkeen arren, egitasmoak beti dira ezberdinak. Iñaki Salvador piano joleak, inoiz Jazzaldian gehien jo duen musikariak -donostiarra da, ez alferrik-, “Dichosos Tributos” du aurten aurkezgai, Marco Mezquidarekin batera eta Chillida Lekun. Guk Mikel Laboa zenaren “Hegazti errariak” kantuan entzungo dugu, ahotsean Garbiñe Insausti lagun duela, maisu handiaren taldekide izan baitzen hamarkada luzez.Marco Mezquida menorkarrak, Iñaki Salvadorrekin batera joko duen egitasmoaz aparte, Trinitate Plazan joko du aurten, Chicuelo gitarra jole flamenkoarekin batera. Guk kantu herrikoi bat berrirakurtzen entzungo dugu, Silvia Perez Cruzek kantatuko duen “La llorona”, sustraiak latinoamerikar folklorean dituen abestia. Eta bide beretik, Tom Waitsek “Bella Ciao” kantatuko du Marc Ribot gitarra jolea lagun duela, italiar partisanoen ereserki antifaxista. Ribotek hiru proposamen dakartza aurtengo jaialdira: bakarka joko du San Telmo Museoan, Ceramic Dog hirukotean Victoria Eugenian eta Hurry Red Telephone laukotean Trinitate plazan. Aurten Donostia Jazzaldia Saria jasoko du Marc Ribotek, Dee Dee Bridgewater eta Bill Brufordek bezala.Bigarren urtez jarraian Trinitate plaza zapalduko duen Brad Mehldau piano jole apartak Oasistaldearen “Wonderwall” ezaguna berrirakurria du zuzenean, hirukotean, eta Lew Tabackin eskarmentu handiko flauta eta saxofoi joleak Joni Mitchell kanadarraren “Blue Motel Room”. Bi zuzeneko ditu aurtengo jaialdian, Chillida Lekun bata, eta Musikenen bestea. Baptiste Trotignon eta Bojan Z piano joleek bakarkako kontzertu bana dute San Telmo Museoko matinaletan, eta elkarrekin joko dute Kursaal inguruko terrazetan, Pianoforte egitasmoarekin. Bi erraldoiri egindako bertsio bana entzungo diegu saioan, bikainak biak ala biak; The Beatles taldearen “Drive My Car” joko du lehenak, eta David Bowie zenaren “Ashes to Ashes” bigarrenak.Bukatzeko, Kursaalean ordainpeko kontzertua eta Zurriola hondartzan doanekoa joko duen Jamie Cullum bizia, jaialdiaren aspaldiko laguna hau ere, Rihanna kantariaren “Don´t Stop the Music”ezaguna jotzen entzungo dugu, eta Kurt Elling, berriro Trinitate plaza zapalduko duen kantaria -Marc Ribot eta Lew Tabackinekin batera gaurko hautaketan piano jotzailea ez den bakarra- U2 irlandarren “Where the Streets Have No Name” abesten. ★ Support this podcast on Patreon ★